Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pertsonalismo

iz. Fil. Pertsonaren balio transzendentea azpimarratzen duen filosofia joera. Izen hau berria bada ere (XIX. mendekoa), pertsonaren dotrina antzinatik dator eta gehienetan filosofia idealistaren barnean kokatzen da. Filosofia honen arabera, pertsonaren oinarrizko ezaugarriek –kontzientzia, burujabetasuna, identitate iraunkorra, azken helburuetara zuzendua izatea, balio iraunkorrak– errealitate guztien eredu egiten dute pertsona. Mendebaleko filosofo askok alderdi pertsonalista agertzen dute beren obretan. Beste anitzen artean, ildo horretako pentsalariak dira H. Bergson, Schleiermacher, R. Otto, Max Scheler, Berkeley, N. Berdiaev, M. Blondel. Bestalde, E. Mounier-en inguruan –J. Lacroix, Esprit aldizkaria– pertsonalismo politikoa ere deiturikoa gauzatu zen. Honen ezaugarriak ziren: indibidualismoarekiko aurkakotasuna eta gainerakoekin komunikatzeko borondatea; materialismoarekiko aurkakotasuna (giza pertsonaren lehentasuna, premia materialen eta egitura kolektiboen aldean, nahiz eta oinarrizko arazo ekonomikoak konpontzearren sistema ekonomikoaren aurkako borrokaren beharra onartzen duen).