Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pérouseko kondea

(Jean François de Galaup). Frantses itsasgizona eta militarra (Le Guo, Albitik gertu, 1741 - Vanikoro uhartea, Ozeania, 1788). 1756an itsas armadan sartu zen, eta Antilletako guduan parte hartu zuen (1799). 1782an gotorleku batzuk konkistatu zituen Hudson badian. 1785ean Brest-etik abiatu zen, espedizio baten buru, eta 1786ko apirilean Pascuako uhartera iritsi zen eta maiatzean Hawaira. Necker uhartea aurkitu zuen, eta Filipinetako uharteetara eta Japoniara joan zen. 1787an Sakhalin-era iritsi zen eta uharte honen eta Yeso uhartearen arteko itsasartea aurkitu ondoren, bere izena eman zion. Samoa eta Tonga uharteetan egon ondoren, 1788an Botany Bay-ra (Australia) iritsi zen. Handik aurrera ez zen Pérouseren berririk izan, 1828an Dumont d´Urvillek Pérouseren espedizioko bi itsasontzien hondakinak aurkitu zituen arte Vanikoro uhartean. Dirudienez, indiarren eskuetan erori ziren Pérouse eta haren espedizioko lagunak.