Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peral y Caballero, Isaac

Espainiar militarra eta zientzialaria (Cartagena, 1851 - Berlin, 1895). Itsaspekoa asmatu zuen. 1872an itsas armadako ofizial zelarik, Kubako gerran eta Bigarren Karlistadan parte hartu zuen gerra ontzi batean; karlisten esku zegoen Bermeo bonbardatu zuen haren ontziak. Gero, Filipinetara bidali zuten. 1882an, fisikako irakaslea izan zen armadako eskolan. 1884an itsaspeko bat egitea otu zitzaion eta bere ideiaren berri eman zien Pujazón bere lagunari eta Azkarate eta Viniegra matematikariei; haiek bere kalkuluak baieztatu zituzten. 1885ean lehen itsaspekoa egin zuen. 1889-1890. urteetan egin zituzten froga guztiak ondo gertatu ziren, baina hala eta guztiz ere, Armadako ministerioak ez zuen aintzat hartu proiektua eta baztertu zuen. Isaac Peralek armada utzi zuen orduan.