Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peña Gantxegi, Luis

Gipuzkoar arkitektoa (Oñati, 1926). Zarauzko Torre Vista Alegre (1958) eta Mutrikuko Imanolenea Etxea (1964) izan ziren bere lehenengo obrak. Garai hartako lanen artean, aipatzekoa da Donostiako Trinitate Plaza (1963), nahiz eta berak sortu zuenetik asko aldatu den gune hori, eta egileak berak adierazi duen nekez atzematen diola gaurko enparantzari berak egindakoaren arrastoa. Nolanahi ere, lan harekin lortutako arrakasta ikusirik Donostiako Udalak Tenisaren pasealekuaren bukaerako gunea berrantolatzeko enkargua egin zion, Chillidaren Haizearen Orrazia bertan ipintzeko asmoz. 1975-76 urteetan egin zuen pasealekua itsasertzarekin lotzen duen zabalgune ikusgarria. Berak sortua da, era berean, 1979an Gasteizen eraiki zen Foruen Enparantza, baita 1982an Lleidan egindako San Joan plaza ere. Bartzelonan zegoela bertan ibili zen irakasle; Donostiako Arkitekturako Goi Eskola sortzen lagundu zuen, eta bertako irakasle ere izan zen. Peña Gantxegik era askotako lanak egin ditu, baita oso gustuko duen arkitektura industrialari lotutakoak ere, hainbat pabiloi eta Orona enpresak Hernanin duen dorre ikusgarria barne. Bestalde, Andoaingo Bastero Kultura Zentroa proiektatu du, baita Cementos Rezola enpresak bere 150 urteurrena ospatzeko eta zementuaren inguruko ezaguera zabaltzeko Añorgan eraiki duen Museum zentroa ere. Sari ugari eskuratu ditu, besteak beste Aizpurua saria 1960an eta Espainian arkitektura sari garrantzitsuena den Antonio Camuñas saria 1999an. 2000ko udazkenean, urte horretan bertan sortutako Munibe Arkitektura saria jaso zuen Peña Gantxegik.