Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Péguy, Charles

Frantses idazle eta filosofoa (Orléans, 1873 - Villeroy, 1914). Parisko Ecole Normale Superieure ikastetxean egin zituen ikasketak. Dreyfus kapitainaren alde atera zen Dreyfus auzian eta sozialismoa bultzatu zuen biziki. 1900ean, Cahiers de la Quinzaine egunkari independentea sortu zuen Alderdi Sozialistako kideekin izan zituen gorabeheren ondorioz. Frantsesen eta alemaniarren artean borroka pizteko mehatxuak eragina izan zuen Peguy-ren abertzaletasunean, eta Maurice Barrès-en nazionalismorantz hurbildu zen; aldi berean, Maritain eta Bergson filosofoen eragina izan zuen. Hala, ikasle garaian galdutako fedea berreskuratu zuen 1908an. Marneko guduan hil zen, Lehen Mundu Gerran, 1914ko irailaren 5ean, gudua hasi eta handik gutxira. De Jean Coste (1902), Notre patrie (1905, Gure sorterria), Victor-Marie, comte Hugo (1911), Argent (1913, Dirua), Note sur M. Bergson et la philosophie bergsonienne (1914, M. Bergson eta filosofia bergsoniarrari buruzko oharra) dira prosaz idatzitako obra nagusiak; Mystère de la charité de Jeanne d´Arc (1910, Joana Arc-ekoaren karitatearen misterioa), Le Porche du mystère de la deuxième vertu (1911, Bigarren bertutearen misterioaren atea), La Tapisserie de Notre-Dame (1913, Ama Birjinaren tapizeria), Eve (1913, Eba) dira aipagarrienak poesian.