Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pedro Nafarra

(Jaiotza izenez Pedro Bereterra). Nafar militarra (Garde, Erronkari, 1460 - Castel Nuovo, Napoli, 1528). Gazterik jo zuen Italia aldera eta Pedro Roncal izenez jarri zen Joan Aragoiko kardinalaren zerbitzari, 1485 arte. 1487tik aurrean kortsoan jardun zuen Mediterraneo itsasoan eta ontzi portugaldar baten aurkako erasoan zauritu zuten. 1500. urtean turkiarren aurkako borroketan sartu zen Pedro Navarro izenez, eta 1503an Napoliko hiria kendu zien frantsesei. Olivetoko konde egin zuten ondoren. 1507an Fernando Aragoikoari lagundu zion Gaztelako aitonen semeen aurka, eta 1510ean konkistatu zituen Tripoli eta Tunisiako hiriak Ipar Afrikan. 1512an frantsesek preso hartu zuten Ravenan eta preso hartu zuenak, Albreteko zaldunak, hogei mila ezkutuko saria eskatu zuen bahituaren askatasunaren alde. Espainiako koroak kasurik egin ez eta hiru urtez eduki zuten preso frantsesek Frantzisko I.a erregeak aske utzi eta bere armadako jeneral egin zuen arte. Pedro Nafarra espainiarren aurka borrokatu zen ordudanik. Genoan preso hartu zuten 1523an eta 1526an utzi zuten libre. 1528an Napoliko hiria setiatu zuen frantses armadak, jeneral nafarra buru, baina etsi behar izan zuten hilabete batzuen ondoren. Preso hartu zuten eta Castel Nuovoko gazteluan hil zen handik gutxira.