Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Patinkin, Don

Israeldar ekonomista (Chicago, 1922 - 1995). Jaioterriko unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1949an Israelera joan zen; Jerusalemen jarri zen bizitzen, eta unibertsitatean eskolak ematen. Bien bitartean, ikerkuntza azterketak egin zituen Maurice-Falk Institutuarentzat. Obra asko argitaratu zituen, bere teoriak azalduz, garrantzi handikoak bere herrialdeko egungo historia ekonomikoarentzat eta, oro har, gizarte modernoarentzat. 1956an Dirua, interesa eta prezioak izeneko obra argitaratu zuen. Obra horretan elkarturik aztertu zituen tradizioz banaka aztertu izan diren ondasun ekonomikoak: lan zerbitzuak, ondasunak eta kontsumoa, diru politika eta truke politika. Beste lan aipagarri batzuk: Studies in Monetary Economics (1972, Diru ekonomiari buruzko azterkak); Keynes, Cambridge and the General Theory (1977, Keynes, Cambridge eta teoria orokorra).