Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pasaia

Gipuzkoako kostaldeko udalerria, Jaizkibel eta Ulia mendien artean (Oiartzualdea). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean, Hondarribia; mendebalean, Donostia; hegoaldean, Lezo eta Errenteria. Garaiera, 8 m. 6,8 km2. 1997ko datuen arabera, 17.209 biztanle (pasaitarrak). Herrigune hauek osatua da Pasaiako udalerria: Pasai Antxo, Pasai San Pedro (herriburua) eta Pasai Donibane. Oiartzun ibaiak hegoaldetik iparraldera igarotzen du udalerria. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 25. Pasaiako portua Gipuzkoako handiena eta babestuena izateaz gainera, Euskal Herriko bigarren merkataritza portua da, Bilbokoaren atzetik. Penintsulako arrantza porturik garrantzitsuenetakoa da, bestalde. Portuak 120 m zabalera, 1.200 m luzera eta 901.400 m2 ditu ontzietzat. Kaiak, berriz, ia 5 km-ko luzera eta 703.067 m2-ko zerbitzugunea du. Zerbitzuak (garraiariak, biltegiak, administrazioa, irakaskuntza, dendariak) eta industria (janari industria, altzairuguntza, burdingintza, ontziolak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Udalerriaren egoera sozioekonomikoa zela eta, 1997an Pasaiako badia biziberritzeko batzorde berezia sortu zuten erakundeek –Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurkaritzak eta Espainiako gobernuak– eta ekimen horien ondorioz, baita Europar Batasunetik URBAN eta beste egitarau batzuen bidez heldutako laguntzari esker ere, garrantzi handiko inbertsioak egin dira azken urteotan Pasaia eta Pasaialdea suspertzeko.Aipagarriak dira XVII. mendeko San Joan parrokia (ganga gotikoak, Herreraren estiloko aurrealdea), jatorri erromanikoko San Pedro parrokia eta Kristo Ongilearen basilika.  v Historia. Pasai Donibane bide da Pasaiako udalerriko herrigunerik zaharrena. 1203. urtean Hondarribiko herria sortu zenean, haren mende geratu zen Pasai Donibane. Pasai San Pedro, aldiz, Donostiako hiriko auzoa zen 1180. urteaz geroztik. Garai hartan Oiarso izena zuen Pasaiako herriak Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Hondarribiko herriari emandako hiri-gutunean agertzen denaren arabera. Errege-erregina Katolikoek adierazi zuten lehen aldiz Pasage izena ere bazuela Oiarsoko portuak (1491). Pasaiako portuaren jabegoak amaigabeko eztabaidak sortu zituen kostaldeko herrien artean: Hondarribia, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Donostia, azken bi hiri hauen arteko liskarrak gogorrak izan zirelarik zenbaitetan. XVII. mendean zehar Pasai Donibanek jatorri herritik bereizteko hainbat saio egin zituen baina ez zuten independentzia 1770 arte lortu. 1805. urtean bereizi zen Donostiatik Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneko herriarekin bat egin zuen Karlos IV.aren aginduz. Pasai Antxo, aldiz, Fermin Lasala Mandaseko dukeak 1878. urtean erosi zituen paduren gainean sortu zen. Sute handirik gertatu ez den arren izurrite latzak nozitu zituzten pasaitarrek 1597, 1780-1781 eta 1823 urteetan.