Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parton, Dolly

Estatubatuar kantaria eta antzezlea (Locust Ridge, Tennessee, 1946). Country musikaren historiako kantari onenetako bat. 1967-1974 bitartean Porter Wagoner kantariaren taldean aritu zen. 1974an Traveling Family Band taldea sortu zuen, eta zenbait jiratan parte hartu zuen, 1977. urtea arte. Azkeneko urte horretan Gypsy Fever taldea eratu zuen, bederatzi musikarirekin. Antzezle gisa 9 to 5 filmean (1980) egin zuen debuta, Colin Higginsen zuzendaritzapean. Gainera, izen bereko kantua idatzi zuen filmarentzat. Halaber, Texasko etxe dibertigarriena (1982, Colin Higgins) eta Altzairuzko magnoliak (1989, Herbert Ross) filmetan parte hartu zuen. Bestalde, country bakarlari onenaren Grammy sari irabazi zuen 1978 eta 1981. urteetan, eta talde kantari onenarena 1987an. Lanik aipagarrienak: As Long As I Love (1972); Here You Come Again (1977); All I Can Do (1978); Heartbreaker (1978); Trio (1987).