Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paracelsus, Philippus Aureolus

(Jaiotza izenez Theophrastus Bombastus von Hohenheim). Suitzar sendagile eta alkimista (Einsiedeln, Zurich-tik gertu, 1493 - Salzburgo, 1541). Alkimia, kimika eta metalurgia ikasketak egin zituen eta ospe handia lortu zuen, bere garaian kritika asko egin bazizkioten ere. Medikuntzan egindako berrikuntzengatik da batez ere ezaguna: Galenok gaixotasunez zuen teoria baztertu zuen eta gizonaren organismoari (mikrokosmosa) kalte egiten dioten eritasunen jatorria aztertzeko, eta beraz, eritasunen sendabidea ere, unibertsoko indarren eta elementuen (makrokosmos) eragina kontuan hartu behar dela dioen teoria eman zuen. Eritasun mota bakoitzarentzako sendabide berezia bilatzearen alde agertu zen eta erantzun eta sendabide ororen iturritzat izadia hartu zuen. Hari esker hasi ziren kimika gaiak sendagai gisa erabiltzen eta horregatik farmakologiaren aitzindaritzat hartua da.