Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ozu, Yasujiro

Japoniako filmegilea (Tokio, 1903 - Tokio, 1963). 1922an Tokioko Shochiku estudioetan hasi zen lanean argazki eta zuzendari laguntzaile gisa. 1927an egin zuen bere lehenengo filma, Zange no yaiba (Penitentziazko sablea). 1920etik 1930era film mutuak egin zituen, Estatu Batuetako eta Europako zinemaren eragin handia zuten komediak eta shomin-geki motako filmak (jende arruntaren dramak). 1930etik 1935era errealismo soziala landu zuen, alde batera utzita sartaldeko zinemaren estiloa. 1935etik aurrera Ozuren filmek familia hartu zuen ia gai bakartzat, betiere nostalgia handia dariela. 1936an egin zuen bere lehen film ahostuna. Bigarren Mundu Gerraren ondoren egin zituen film guztietan gai, giro, eta teknika bera erabili zuen: film geldiak, isilunez beteak, budismoak denborari eta espazioari buruz duen ikuskera islatzen dutenak. Film nagusiak: Kaishain seikatsu (1929, Bulegoko langile baten bizitza), Tokyo no onna (1933, Tokioko emakumea), Tokyo no yado (1935, Aterbe bat Tokion), Hitori musuko (1936, Seme bakarra), Banshun (1949, Udaberri berantiarra), Bakushu (1951, Uda hasiera), Tokyo Boshoku (1957, Ilunabarra Tokion), Akibiyori (1960, Udazkenaren amaiera), Samma no aji (1962, Sakearen zaporea).