Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ozono

iz. Oxigenoaren aldaera, molekulak hiru oxigeno atomoz osatuak dituena (O3).  v Ozonoa Schoenbein-ek aurkitu zuen 1840an. Oddling-ek bere molekularen konposaketa aurkitu zuen, eta oxigenoen eta ozonoaren bolumenak eta dentsitatea aztertu zituen. Eguratsean aurkitzen da, lurrazaletik 25.000 metrora gutxi gorabehera, ozonosferan alegia. Ekaitzetan deskarga elektrikoen eraginez eratzen da. Ozonoak itsaskien usaina du, urdina da, eta irakite eta urtze puntuak -112 °C eta -193 °C dira, hurrenez hurren. Dentsitatea 1,66 g/litro du. Arnastuz gero arriskutsua da, muki-mintzei erasotzen baitie. Isurkari egoeran leherkaria eta urdin bizia da; egoera solidoan, berriz, beltz eta more artekoa. Oxigenoa baino errazago urtzen da uretan, baina isurkari organikoetan urtzen da, batez ere. Ozonoa oxidatzaile indartsua da. Ioduroak iodora oxidatzen ditu, eta amoniakoa nitrito edo nitratora. Ozonoa egongaitza da giro tenperaturan, baina egonkorra tenperatura beroetan. Oxigenotik lor daiteke 1.500 °C-taraino berotuz. Aitzitik, tenperatura hotzetan ozonoa deskonposatu egiten da eta oxigenoa eratzen du. Deskonposaketa hori 100 °C inguruan gertatzen da, eta errazagoa da ozonoaren kontzentrazioa handia denean. Egongaiztasun honek esplikatzen du ozonoaren tasun oxidatzailea. Erreakzioetan, ozonoaren oxigeno atomo bakarrak parte hartzen du era eraginkorrean; beste biak oxigeno arrunt gisa askatzen dira. Trementinaren esentziak eta ase gabeko hainbat gai organikok, aitzitik, ozono guztia absorbitu egiten dute eta ozonido izeneko gai batzuk eratzen dituzte. Hautsak, metal oxido batzuk, metalek eta halogenoek katalizatzen dute ozonoaren deskonposaketa; katalizatzaile horiek leherketa ere eragin dezakete. Molekularen egiturari dagokionez, angelu itxurakoa da eta oxigeno atomoen arteko distantzia 1,27 Å da. Ozonoa oxidatzaile eta bakterio hiltzaile gisa dituen ahalmenengatik erabiltzen da; horrela, leku itxietako airea berritzeko, urak esterilizatzeko eta dermatosi eta erreuma kroniko batzuen tratamendurako balio du. Ehun, argizari eta almidoiak zuritzeko eta ardoa eta zura zahartzeko ere erabiltzen da.  v Meteor. Ozonoa eguratseko geruzetan, kopuru ezberdinetan, aurkitzen da: beheko geruzek ozono gutxi dute; 20 kilometrotatik gora, ozono kopurua gehituz doa, eta kopururik handiena 25 kilometrotara aurkitzen da; gero, 80 kilometro arte, gutxituz doa. Hori dela eta, 15-40 kilometro bitarteko geruzari ozonosfera deitzen zaio. Geruza hori estratosfera eta ionosfera artean aurkitzen da. Ozonoak eguzkiaren ia izpi ultramore guztiak xurgatzen ditu eta oxigeno bihurtzen da; eguzki izpi horiek lurrazalera iritsiko balira izaki biziak suntsituko lituzkete; fenomeno hori ozonoaren geruza irazkiak eragozten du. Eguratseko ozonoaren kopurua aldakorra da; izan ere, tropikoetatik iparburuetara gutxituz doa. Urtaroaren arabera ere, aldatu egiten da kopuru hori: udaberrian dago kopururik handiena eta udazkenean txikiena; aldaketa ipar eta hegoburuetan nabarmentzen da batez ere. Azkenik, ozono kopuruaren aldaketak eguratseko beheko geruzetan gertatzen diren suntsiketa fenomenoei zor zaizkie. Izan ere, giro tenperaturan ozonoa oxigeno bihurtzen da eta hirugarren oxigeno atomoa gorputz erreduzitzaileek xurgatzen dute. Horrela, mendiko aire garbiaren 100 m3-tan 200 eta 400 mg tarteko ozono kopurua dago. Hirietako aireak, aldiz, partikula erreduktore ugari duelako, 100 m3-ko 2 mg ozono besterik ez du. 1980 urteaz geroztik antzeman den eguratseko ozono kopuruaren urritzea, dirudienez, nitrogeno oxidoen eta klorofluorokarburoen ondorio dira. Gas horiek gizonak asko erabiltzen dituen tresnek askatzen dituzte. ik. negutegi.