Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ortuoste Blanco, Juan Marino

Bizkaiko zinemagilea (1948). Javier Rebollo-rekin batean Unibertsitateko Zine Kluba antolatu zuen (1969). Zenbait film labur plazaratu ditu, J. Rebollo zuzendarikide zuela gehienetan, besteren artean: Necrosis (1970), Andrés Nagel (1974), Gure etxea (1976), Salitre (1978), Topaketak (1980), El ojo de la tormenta (1983), Camino de hierro y agua (1984). Bilbori buruzko zenbait dokumental ondu ditu. Azken urteotan ere, ekoizle, zuzendari eta hainbat batzorde eta elkartetako kide bezala, beti egon da zinemagintzari lotua. Ekoizle-eragile lanetan hiru film luzeren ardura izan du: Javier Rebolloren Golfo de Vizcaya (1985), eta Ernesto del Ríoren No me compliques la vida (1990) eta Hotel y domicilio (1995). Zuzendari bezala, berriz, hiru film luzek osatzen dute bere filmografia: Javier Rebollorekin batera 1981ean zuzendu zuen Siete Calles, 1989ko El mar es azul eta 1997ko Entre todas las mujeres.