Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ordoviziarra

Geol. Paleozoikoko bigarren aldia, Kanbriarraren eta Siluriarraren artekoa (orain dela 505-440 milioi urte bitartean). Aldi hartan kontinenteak hegoalderantz higitu ziren, plaka tektonikoen jardueren eraginez. Ipar Hemisferioan, gaur Kanada, Groenlandia eta Errusia diren lurrak bildu ziren; baina kontinente gehienak (Brasil, Patagonia, Afrika, India eta Australia hartzen zituztenak) Hego Hemisferioan kokatu ziren, ekuatorean eta, batez ere, Hego Buruaren inguruan. Hori dela eta, lurralde horiek guztiak izoztuta egon ziren. Elkarretara biltzean, hego hemisferioko lur haiek gerora Gondwana kontinente handia izango zena eratuz joan ziren. Aldi hartan, sumendi jatorriko harriak, kareharriak eta arbelak eratu ziren, batez ere. Lurreko tenperatura epela zen oro har, eta izaki biziek bilakaera handia izan zuten: lehen ornodunak (barailarik gabeko arrainak) sortu ziren eta trilobiteak, koral primitiboak, ekinodermoak eta belakiak ugari ziren. Ordoviziarreko jalkinak 7.000 metro inguru lodi dira, eta lur barruko itsasoetan eta kostaldean eratu ziren.