Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Opitz, Martin

Alemaniar olerkaria (Bunzlau, 1597 - Danzig, 1639). Frankfurt, Heidelberg eta Leidengo unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1625ean Fernando II.ak erramu koroa ezarri zion Austriako Karlos Josef erregea hil zenean idatzi zuen requiemarengatik. 1629an alemanaren eraberritzea bultzatu zuen Fruchtbringende Gesellschafft literatura elkarteko buru hautatu zuten. 1630ean Parisa joan zen eta handik Danzig-era. Lehen Silesiar Eskolako poeten taldeko buruetako bat izan zen, eta Alemaniako poeta handienetakoa. Opitz poesiaren formaz arduratu zen batez ere, eta 1624an Buch von der deutschen Poeterey (1624, Alemaniar poesiaren liburua) lanean, hizkuntzaren garbitasunaren, eta erritmoaren eta bertsoen arauak eman zituen. Alexandriar bertsoa proposatu zuen alemaniar olerkigintzaren eredu izateko. XVIII. mendearen erdialdea arte iraun zuten Opitzen arauek. Estetika irakasle izateaz gainera, itzultzaile ere izan zen: Heinsius, Grotius, Seneka eta Sofoklesen lanak itzuli zituen. O. Rinuccini-ren Dafne operaren libretoa itzuli zuen alemanera.