Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ondaatje, Michael

Kanadar eleberrigile eta poeta (Zeilan, 1943). 1962an joan zen Kanadara, eta Torontoko eta Kingstoneko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1967-1970 bitartean, eskolak eman zituen Ontario Mendebaldeko Unibertsitatean, eta gero Torontoko York Unibertsitateko ingeles sailean hasi zen lanean. Zineman eta antzerkian lan egin zuen, baina batez ere poesia eta narratiba lanek famatu zuten. Bere estiloak oso gutxi zor dio kanadar tradizioari, eta Wallace Stevensen eta egungo zinemagileen eragina du, batez ere Louis Malle, Alfred Hitchcock eta Sergio Leonerena. Lau poesia liburu argitaratu ditu: The dainty monsters (1967, Munstro delikatuak), The man with seven toes (1969, Zazpi behatzetako gizona), Rat Jelly (1973) eta There´s a trick with a knife I´m learning to do: poems 1973-1978 (1979, Aiztoarekin egiten den amarru bat ikasten ari naiz: 1973-1978 poemak); bi ipuin liburu: Elimination dance (1980, Eliminazio dantza) eta Tin Roof (1982, Teilatu mehea); eta bi eleberri: Coming Through Slaughter (1976, Sarraskia) eta Running in the Family (1982, Familia). Gainera, Leonard Cohen (1970) kritika liburua idatzi du, eta hiru antologia: The broken ark (1971, Hautsitako kutxa), Personal fictions (1977), eta The long poem anthology (1979). Bere poema gehienak Rat Jelly and other poems 1963-1978 (1980) liburuan daude bilduta.