Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oldfield, Mike

Britainiar musikaria (Reading, Ingalaterra, 1953). Oso gazterik hasi zen musika idazten. 1967an bere arreba Sallyrekin folk musikako disko eta single bana grabatu zuen. Urtebete geroago, rock musika egiten hasi zen, eta Barefoot taldea sortu zuen, baina taldeak ez zuen luzaro iraun. Gero, Kevin Ayersen bandan baxua jotzen hasi zen, eta disko pare bat grabatu zuen; taldean musikari onaren fama lortu zuen. Gero, Virgin disko konpainiarentzat lanean ari zela, bere izena mundu osora zabaltzea lortu zuen bere ametsetako proiektuarekin: Tubular Bells (1973). Diskoak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Virgin konpainia sendotzen eta eraikitzen lagundu zuen: 1981erako hamar milioi aletik gora saldu zituen. Garai hartan punk musika zegoen modan, baina Oldfieldek lehen diskoarekin urratzen hasitako bideari jarraitu zion eta Incantations argitaratu zuen, 1978. urtean. Dena dela, hurrengo urtean, orduko rock joera nagusitik hurbilago zegoen diskoa argitaratu zuen: Guilty. 1982an, pop komertzialerako urratsa egin zuen Five Miles Out diskoarekin, arrakasta handiz gainera. 1984an The Killing Fields filmerako musika idatzi zuen, eta Discovery diskoa argitaratu zuen. Gero lan eklektikoagoak egin zituen, bere lehenengo diskoen erreferentea ahaztu gabe halere: Amarok (1990). Azken urte horretan Tubular Bells II argitaratu zuen, baina beste disko konpainia batekin. 1994an Elements argitaratu zuen, Virgin konpainiarekin egindako musiken bilduma bat. Handik gutxira azken teknologia informatikoak baliatzen hasi zen, eta 1998an Tubular Bells III argitaratu zuen.