Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Olazarán Salanueva, Alejandro María

(Hilario Olazarán de Estella deitua). Nafar organo-jotzailea, musikagilea eta piano, txistu eta danbolineko irakaslea (Lizarra, 1894 - Iruñea, 1973). Kaputxinoa. Solfeo, piano eta harmoniako lehen ikasketak egin ondoren eta 1917. urtean apaiz eginik Baztango Lekarozko Eskolara igorri zuten eta konposizioko ikasketak egin zituen han Aita Donostiarekin. 1925. urtean eman zuen argitara Nafarroako folklorean oinarrituriko Mutil-Dantza de Baztán pianorako obra. Danbolina eta txistua ikasteko lehen metodoa eman zuen argitara 1927. urtean (3 argitalpen izan ditu; 1927, 1932, 1955). Abesbatzetarako obrak (Done Bartolometan, Oración a la Virgen del Puy), txistu eta danbolinerako (Eguberria, Mixintxo, Litxu, Txoriak, Arkaitzak, Edurne), pianorako (Baile de la era de Estella, Ingurutxo, Infantiles, Gimnasia Lecároz, Danzas del Baztán, Dantza-Soñu, Yoku-Dantzak) obrak, organoan jotzekoak (Piezas para órgano), gaitarakoak (Tratado de gaita de Estella) eta mezak (Misa de difuntos eta beste bi meza) idatzi zituen. Harena da, halaber, Mendigoizaleak lan ezaguna. Omenaldi bero bat eskaini zion Lizarrako udalak 1971. urtean.