Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Olaizola Gabarain, Gabriel

Gipuzkoar abeslaria (baxua) eta abesbatza zuzendaria (Hernani, 1891 - Hernani, 1973). Donostian jarri zen bizitzen Sekundino Esnaolak eskatuta eta Donostiako Abesbatzako kide egin zen 1916. urtean. Hasierako emanaldi arrakastatsuek (Beethoven-en IX. sinfonia, Usandizagaren Mendi-Mendiyan, Berliozen Faustoren kondenatzea, Brahms-en Requiem) bidea zabaldu zioten eta Europako antzezleku garrantzitsuetan abestu zuen (Lisboa, Milan, Madril, Bartzelona, Napoli, Paris, Montecarlo, Venezia, Marseilla, Palermo). Antzezlekuetatik erretiratu zenean abesbatzak sortu (Eusko-Abesbatza, Eresoinka, Schola Cantorum) eta zuzendu zituen. Txalo ugari jaso zituen Eresoinka abesbatzarekin, erbesteko urteetan, Belgika, Frantzia, Holanda eta Ingalaterrako hiriburuetan.