Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ocaña, Luis

Espainiar txirrindularia (Priego, Cuenca, 1945 - Mont-de-Marsan, 1994). Txirrindularitzaren historiako txirrindulari onenetako bat, 1970eko hamarraldian Eddy Merckxi itzala egin zion bakarra. Mendiko probetan nabarmendu zen, baina ez zen atzean geratzen erlojuaren aurkako probetan, edo ibilbide lauetan. Bere txirrindulari karreran, 1967 eta 1977 bitartean, 110 garaipen lortu zituen. 1967ko Midi Libre izan zuen lehen garaipen aipagarria. 1970ean Espainiako Itzulia, Kataluniako Itzulia, eta Baracchi proba irabazi zituen; 1973an, Euskal Herriko eta Frantziako itzuliak, bigarren hori alde handiz, gainera (bigarrenari, Theveneti, ia 16 minutu atera baitzizkion). 1972ko Frantziako Itzulian, Merckxi aurrea hartu ondoren mendiko proba guztietan, erori egin zen eta bertan behar utzi behar izan zuen lasterketa, garaipena eskura zuenean. 1974an hirugarren izan zen munduko txapelketan. Espainiako Itzulian bigarren izan zen 1969, 1973 eta 1976 urteetan, eta hirugarren 1971n. Azken urte horretan, Nazioen Sari Nagusia irabazi zuen.