Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Noe

Bibliako pertsonaia eta aitalehena. Genesiaren arabera, Lamek-en semea eta Sem, Kam eta Jafet-en aita. Jainkoak gizadia zigortzeko mundura uholdea bidali zuenean Noeri eta haren leinuari bizia barkatzea erabaki zuen, hura zelako gizon prestu bakarra. Orduan, ontzi bat egiteko agindu zion eta sartzeko hartan bere leinua eta animalia mota bakoitzetik bina. Hala, uholdea igaro ondoren, urak atzeratu zirenean, Ararat mendian pausatu zen Noeren ontzia eta handik hedatu ziren berriro animalia mota guztiak lurrean barrena. Behin, ardo gehiegi edan zuelarik, lokartu zen Noe eta biluzik geratu zen lur gainean; orduan, bere seme Semek eta Jafetek estali zuten begirune handiz, baina Kamek barre egin zion egoera hartan ikusita. Itzarri zenean, Noek Sem eta Jafet bedeinkatu zituen, baina Kam madarikatu zuen.