Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nerbio

iz. Gorputzaren zatiak garunekin eta bizkar-muinarekin harremanetan ipintzen dituzten zainetako bakoitza. ik. kirio. Nerbio sistema. || Pl. (Zirraren, ezinegonen… euskarritzat hartuak). Nerbioak dantzari dauzkat.  v  Anat. Lokarri itxurako organoa da nerbioa, garunetik edo bizkarrezurretik giharretara eta guruinetara (nerbio higiarazle edo eragileak edo eferenteak) edo, alderantziz, zentzumen organoetatik garunera eta bizkarrezurrera (zentzumenezko nerbioak edo nerbio aferenteak) bulkadak iritsarazten eta berriz itzultzen dituzten zuntz bereziez osatua. Nerbio zuntzek ehun bat dute inguruan (perineurioa) eta elkarren artetik bereizteko ehun konjuntiboa dute tartean. Nerbio zuntz higiarazleez eta zentzumenezkoez osatutako nerbioez gainera, badira bietarikoz zuntzek osatuako nerbioak ere (halakoak dira gehienak). Bestalde, nerbio batzuek mielina dute eta zuriak dira; eta beste batzuk berriz mielinarik gabeak dira eta kolore grisa dute. Entzefalotik eta bizkar muinetik irteten dira nerbio zuntzak. Gizonak 12 nerbio pare ditu entzefalotik irteten direnak, batzuk zentzumenezkoak (sudurrekoak, begikoak eta belarrikoak) besteak higiarazleak (okulomotorra, trokleareak…) eta beste batzuk bietarikoak (aurpegikoak, bagoak…); eta 31 nerbio pare bizkarrezur muinetik irteten direnak (lepo hezurretakoak, bularraldekoak, gerrikoak, sakrokoak eta koksixekoa).  v  Nerbio sistema. Bizitzako funtzioak bateratzen eta erregulatzen, eta zentzumenen mezuak hartzen dituen nerbio zelulen sare, erdiko nerbio sistemak (garuna eta bizkarrezur muina) eta sistema barreiatuak edo periferikoak (garuneko eta bizkarrezur muinetik ateratzen eta haietara iristen diren nerbioak) osatzen dutena. Nerbio sistemaren eginkizuna organo hartzaileen eta zentzumen organoen bulkadak hartzea eta ulertaraztea eta berriro kanpoaldeko organoetaraino iritsaraztea da. Gizonaren nerbio sistema goi mailako beste ornodunetatik bereizten duen ezaugarria garuneko kortex-aren neurria eta ahalmena da; geruza horrek zentzumenen bulkaden sarrera aztertzen du, giharren mugimendu borondatezkoak kontrolatzen ditu, eta arrazoitzearen, oroimenaren eta ikasteko ahalmenaren gunea da. Erdiko nerbio sistema garunak, hari lotutako bizkarrezur muinak eta haiekin lotura duten mintzek, guruinek eta odol hodiek osatzen dute. Nerbio sistema periferikoa entzefalotik eta bizkarrezur muinetik irteten eta hara iristen diren nerbioek osatzen dute. Bi sistema horiez gainera, gizonen nerbio sisteman bada beste sistema bat, nerbio sistema autonomoa edo sistema begetatiboa, boorndatearen mende ez dauden bizitzako jarduerak (odolaren zirkulazioa, arnasketa etab.) gidatzen dituena (ik. nerbio sistema begetatiboa).  v  Nerbio sistema bi motatako nerbioek osatzen dute, informazioa nerbio sistema zentralera eramaten dutenak (aferenteak edo zentzumenezkoak) eta nerbio sistema zentralaren aginduak nerbio sistema periferikoaren bidez giharretara, guruinetara organoetara eramaten dituztenak (eferenteak edo higiarazleak). Nerbio sistemaren oinarrizko osagaia neurona da; bulkadak neurona kateen bidez igarotzen dira agindua ematen den tokitik agindu hori bete behar duen organora eta alderantziz organoetatik garunera, neuronen loturaguneetan (sinapsia) askatzen diren gai kimikoei (azetilkolina eta adrenalina) esker. ik. neurona.  v  Harreman nerbio sistema (edo entzefalokoa eta bizkar muinekoa). Borondatearen mende dagoen erdiko nerbio sistemaren eta sistema periferikoaren partea da, gorputza kanpoko gertakariekin eta ingurunearekin harremanetan jartzen duena. Sistema honi esker goi mailako animaliak eta gizonak ikusi, sentitu, ukitu, usaindu, hitz egin, ibili, eta beste jardura batzuk egiten dituzte. Horretarako sistema honek kanpoaldeko organoak erabiltzen ditu (belarriak, begiak, gustuaren muki mintza…). Erdiko nerbio sistemak (entzefaloa eta bizkar muina) kanpoaldeko organoen bulkadak jasotzen ditu; han konzientziak sentipen (oinaze, hots, bero…) bihurtzen ditu eta garunak sentipen horien aurreko erantzuna moldatzen eta giharretara bidaltzen ditu.  v  Nerbio sistema begetatiboa. Nerbio sistema autonomoa ere esaten zaio. Borondatearen eta konzientziaren mende ez dauden gorputzaren organoen funtzioak betearazten dituen zelulen eta nerbioen multzoa ik. neurobegetatibo, sistema.