Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nazionalismo

iz. Nazio batek beregaintasuna lortzeko edo estatu bat osatzeko duen eskubidea aldarrikatzen duen dotrina edo higikunde politikoa. ik. abertzaletasun. || Nazio nortasunaren gorakuntza, nork bere nazioarekiko atxikimendu kartsua edo grinatsua; atxikimendu horretan oinarritzen den dotrina, nazioa gainerako gauzen gainetik jartzen duena.  v  Nazionalismoa ideologia gisa XIX. mendean sortu zen, garai hartako ekonomia eta gizarte egoerak bultzatuta. Batetik Europa osoan industria burgesiak eta higikunde liberalek gorakada handia izan zuten, eta bestetik, Vienako kongresuak ezarritako mugek ezadostasun ugari sortu zuten Europako herrialdeetan. Horren ondorioz nazioaren aldarrikapenak eta haren bateratzeak indar handia hartu zuen Europako politikan. Nazionalismoa modu askotara azaldu da bi mendeotan: XIX. mendearen hasieran Erregimen Zaharraren aurkako borroka bultzatu zuen ideologia liberalaren oinarri izan zen. XX. mendearen hasieran, berriz, aurretik bereizgarri izan zuen nazioartekotasuna galdu eta kontserbadoreago bilakatu zen. Garai honetan dotrina inperialisten oinarri izan zen, lurralde berriak aldarrikatzen baitzituzten nazioaren handitasuna lortzeko. 1930. urtetik aurrera nazionalismoak higikunde totalitarioak piztu zituen Alemanian, Italian eta Espainian. Nazionalismo hau Bigarren Mundu Gerraren ondoren amaitu bazen ere politika eta ekonomia krisi garaietan indartu ohi da.  v  Euskal nazionalismoa. XIX. mendearen amaieran hasi zen, bi prozesuren ondorioz batez ere. Batetik, industrializazioak Bizkaian demografia eta kultura aldaketak ekarri zituen; aldaketa hauek Espainiarekin lotura estua zuten bi gizarte mailatan islatu ziren: burgesia monopolista eta langileria. Bi hauen artean zegoen klasea, hau da, aginpide ekonomiko eta politikotik at zegoen burgesia txikia, izan zen euskal nazionalismoaren oinarri soziala. Bestetik, 1876. urteko uztailaren 21ean indarrean jarri zen legeak biderik gabe utzi zituen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foruak. Hauek berreskuratzeko ahaleginak izan ziren euskal nazionalismoaren lehen urratsak. Ondorengo urteetan Sabino Arana Goirik foruen aldarrikapena alde batera utzi eta politika nazionalaren ideia zabaldu zuen. ik. Arana Goiri, Sabino.