Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Napoleon III.a

(Jaiotza izenez Charles Louis Napoleon Bonaparte). Frantziako enperadorea (Paris, 1808 - Chislehurst, 1873). Napoleon I.aren anaia eta Holandako errege Luis Bonaparteren eta Hortense de Beauharnais-en semea. 1852tik 1870 bitartean izan zen enperadore. Napoleon I.aren semea hil zenean (1832) Bonaparte zaleen alderdiko buru izan zen. 1836an aginpidea beretu nahi izan zuen. Ez zuen lortu eta atzerrira erbesteratu zen, aurrena Brasila, gero Estatu Batuetara eta ondoren Ingalaterrara. 1840an berriro egin zuen erregetza kentzeko saioa, baina hartan ere ez zuen lortu eta atxilotu zuten. Kartzelatik ihes eginik 1848ko iraultzaren ondoren itzuli zen. Aurrena Batzar Konstituziogileko kide hautatu zuten, eta gero errepublikako lehendakari (1848ko abenduan). Baina 1851n estatu kolpe bat eman eta konstituzioa baliorik gabe utzi zuen. 1852ko abenduaren 2an Frantziako enperadore izendatu zuten eta Napoleon III.a izena hartu zuen. Oso gogorra izan zen aginpidean egon zen lehen urteetan, 1852-1860 urte bitartean batez ere. Gero, katolikoek ukatu egin zioten laguntza, Aita Santuaren alderako jarrera garbirik hartu ez zuelako. Horregatik eta errepublikazaleek eta liberalek legebiltzarrean egin zuten indarragatik, agintzeko modua bigundu zuen. Garai horretan lortu ziren Frantzian greba egiteko eta sindikatuak antolatu ahal izateko eskubideak. Frantzia barneko egoera pixka bat bakeratu zenean, herrialdea lehengo handitasunera bihurtu eta haren indarra munduan zabaldu nahi izan zuen. Horretarako sartu zen Krimeako gerran, lagundu zien Italiako erakunde abertzaleei, bidali zituen bere gudarosteak Indotxinara eta Afrikara eta Maximiliano Mexikoko enperadore egin zuen. Horretan ordea Prusiarekin egin zuen topo eta Sedango kapitulazioa sinatu behar izan zuen (1870). Aldi berean Parisko herria matxinatu zitzaion (Parisko Komuna). 1871n oposizioko taldeek Frantzian errepublika ezarri zuten eta familiarekin Ingalaterrara erbesteratu zen.