Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Napoleon II.a

(Jaiotza izenez François Charles Joseph Napoleon Bonaparte). Reichstadt-eko dukea; Napoleon I.aren eta Maria Luisaren semea, Erromako erregea eta Parmako printzea (Paris, 1811 - Schönbrunn, 1832). Aitaren inperioa gainbera zihoan momentuan jaio zen: Espainiako gerra bitartean, ekonomiaren krisialdi larrian eta erlijio eztabaida gogorren garaian. Napoleon II.a jaio berria Erromako errege izendatu zuten baina ez zuen eragin handirik izan. Aliatuak Napoleon I.a garaitu zutenean Napoleon I.ak aginpideari uko egin eta bere semearen eskuetan utzi zuen (1814); haiek ordea Luis XVIII.a errege izendatu eta Napoleon I.a Elba uhartera bidali zuten. Napoleon I.a Frantziara itzuli zen baina berriz atzerrira bidali zuten; berriro ere semeari utzi nahi izan zion aginpidea, baina aliatuek ez zuten onartu. Zenbait jarraitzaile, iragandako handitasunaren zale, izan zuen, Napoleon II.ak baina ez zuen lortu aginpidea eta Frantzisko II.a Austriakoaren gortean bizi eta hil zen biriketako gaitzak jota.