Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nahua

iz. Etnogr. Mexikon, erdiko ordokian bereziki, eta Erdialdeko Amerikako beste zenbait lurraldetan bizi den izen bereko uto-azteka taldeko herriko kidea. XVI. mendean, espainiarrak iritsi ziren arte, 3-4 milioi nahua zirela uste da. Mexikoko ordoki guztian, Tuxtla-n, gaurko Veracruz estatuan eta Hidalgoko eta Guerreroko eskualdeetan bizi ziren, batez ere. Handik Panamara arteko beste zenbait lurraldetan ere bizi ziren talde batzuk. Nahua herriaren barnean garrantzirik handiena izan zuen taldea aztekek osatzen zutena izan zen. Horien inperio garaian nahuatl-a (azteka klasikoa) bihurtu zen merkataritza eta kultura harremanetako hizkuntza nagusi. Gaur egun milioi bat inguru nahua bizi da Mexikon; horiena da Mexikoko indiar talderik handiena.