Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Müller, Heiner

Alemaniar antzerkigilea (Eppendorf, Saxonia, 1929 - Berlin, 1995). Bigarren Mundu Gerraren azken egunetan zerbitzu militarra egitera derrigortu zuten eta amerikar soldaduek preso hartu zuten; 1949an itzuli zen Alemaniako Errepublika Demokratikora. 1950eko hamarraldian, liburudenda batean eta kazetari gisa aritu zen lanean; aldi berean, antzerki lanak idazten zituen. Estreinatu zen lehenengo lana Mundua izutu zuten hamar egun (1957) izan zen, arrakasta handia izan zuena. Ondoren Nekazariak (1961) idatzi zuen, baina debekatu egin zuten errealistegia zelako. Eraikuntza lana (1965), berriz, Erich Honecker politikariak salatu egin zuen, lan horretan langileei dirua ematen zien funtzionario bat ageri baitzen, lana lehenago amai zezaten. Hala, Müller-ek erabaki zuen ez zuela arazo gehiago nahi eta antzinako greziar tragedien egokitzapenak egiten hasi zen. Baina 1979an Alemaniari buruzko lanetara itzuli zen, Prusiako Grundling Federicoren bizitza, Lessingen ametsa eta oihua lanarekin. Alemania Demokratikoa desagertu zenean, Müller-ek Hamlet/Hamletmakina (1990) aurkeztu zuen Berlingo Alemaniar Antzokian. Berliner Ensemble antzerki konpainiako zuzendari izan zen.