Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Múgica Zufiría, Serapio

Gipuzkoar historialaria eta artxibozaina (Ormaiztegi, 1854 - Donostia, 1941). Zuzenbideko ikasketak egin zituen Zaragoza eta Bartzelonako unibertsitateetan eta liberalen alde borrokatu zen II. Karlistadan. Zestoa, Aizarnazabal, Ezkio, Zumaia, Zumarraga, Donostia, Irun, Hondarribia, Errenteria, Oiartzun, Ordizia, Eibar eta Astigarragako artxiboak sailkatu eta aztertzeaz gainera, historiari buruzko liburu eta artikulu sail garrantzitsuak eman zituen argitara. Real Academia de la Historia akademiako urgazle, Frantziako Akademiako ofizial eta Gipuzkoako kronikari eta seme kuttun izendatu zuten. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko Historia saileko eleduna izan zen, bestalde, 1933-1937 urteetan eta erakunde bereko lehendakari 1934. urtean. Obra asko argitaratu zituen, horien artean: Indice de los documentos del Archivo Municipal de la ciudad de San Sebastián (1898), Indice de los documentos del archivo municipal de Irún (1898), Los Gascones en Guipúzcoa (1923), Guía de Guipúzcoa (Fausto Arocenarekin batera, 1930), Juan Ignacio Gamón. Noticias Históricas de Rentería (Fausto Arocenarekin, 1935), Donación a Leire (1935) eta Orígenes de San Sebastián (1936). Artikulu ugari idatzi zuen, halaber, RIEV, Euskal-Erria, Yakintza, Euskalerriaren Alde, Euskal Esnalea eta Arantzazu agerkarietan.