Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mravinski, Evgeni

Errusiar orkestra zuzendaria (San Petesburgo, 1903 - 1988). Leningradeko Orkestra Filarmonikoko zuzendaria izan zen berrogeita hamar urtez. Biologia ikasketak egin zituen, baina musikaren bidea hartu zuen berehala. Enperadorearen balletean aritu zen pianista gisa, eta pantomima ere egin zuen (1921-1930). 1924. urtetik aurrera, Leningradeko Kontserbatorioan konposizioa landu zuen Vladimir Stxerbatxov-ekin, eta orkestra zuzendaritza Alexandre Gaouk-ekin. Orkestra zuzendari gisa 1929an egin zuen debuta. Handik bi urtera, bigarren orkestra zuzendaria izan zen Leningradeko operako antzoki akademikoan eta Leningradeko balletean; azken horretan, 1932an izan zen zuzendari nagusi. 1937an Xostakovitx-en 5. sinfoniaren lehenengo entzunaldia zuzendu zuen. Hurrengo urtean Leningradeko orkestra filarmonikoko zuzendari izendatu zuten, eta bera zuzendari zela munduko talde ospetsuenetako bat bihurtu zen. XX. mendeko klasiko handiak zuzendu bazituen ere batez ere, Txaikovski izan zen haren begikoena. Mravinski-k sortu zituen 5. sinfonia (1937), 6.a (1939), 9.a (1945) eta 10.a (1953), Oihanetako Kantua (1949) eta Biolinerako kontzertuak 1. (1955) eta Biolontxelorako kontzertua, 1. (1959). Hainbat sari irabazi zituen: Stalin saria 1946an, Sobietar Batasuneko artista 1954an, Lenin saria 1961ean. Oso teknika zehatza zuen, eta ospetsua zen testuei zien begiruneagatik.