Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Morley, Robert

Britainiar antzerki eta zinema antzezlea (Semley, Wiltshire, 1908 - Reading, Ingalaterra, 1992). Arte dramatikoko ikasketak egin ondoren, 1927an egin zuen bere lehen agerraldia antzerki batean. Entzute handia lortu zuen Pygmalion obraren bertsio batekin (Londres, 1937), eta Oscar Wilderen biografia lan baten antzezpenarekin (Broadway, 1938); azken hori geroago, 1960an, kameren aurrean interpretatu zuen berriro. Zineman, berriz, Marie-Antoniette (1938) filmean Luis XVI.aren papera eginez hasi zen. Haren ondoren, Hollywooden eta Britainia Handian ibili zen aktore lanetan. Ondorengo filmetan parte hartu zuen: George Cukor-en Edward, My Son (1949), Carol Reed-en An Outcast of the Islands (1951), John Huston-en The African Queen (1951) eta Beat the Devil (1954), Richard Thorpe-ren Quentin Durward (1955). Beste film asko ere egin zuen –Around the World in Eighty Days (1956), The Sheriff of Factured (1958), Topkapi (1964), Those Magnificent Men in their Flying Machines (1965), The Loved One (1965), Cromwell (1970), The Blue Bird (1976), The Human Factor (1979), High Road to China (1982). –, eta berriz ere lan egin zuen John Huston-ekin Sinful Davey (1968) filmean. Aktore izateaz gainera, Curtain Up filma zuzendu zuen 1953an, eta hainbat antzerki lan eta bere bizitzako oroitzapenei buruzko liburuak ere idatzi zituen.