Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Morley, Malcolm

Britainiar artista (Londres, 1931). 1952-1953 urteen bitartean, Camberwell School of Arts and Crafts-en ikasi zuen, eta 1954-1957 urteen bitartean Royal College of Art-en. Pop art higikundearen garaiko artista bada ere, Morleyren lana ez da joera horretakoa. 1956an Londresko Tate galerian izan zen Estatu Batuetako arteari buruzko erakusketa batek harriturik utzi zuen, eta New Yorkera joatea erabaki zuen. 1960ko lanetan laukiaren eta marrazki ikurren eragina atzematen da; zerrenda horizontalak marrazten ditu, zuriak eta beltzak, batez ere. Ondoren, gerra ontzi sail bat egin zuen, kolore grisetan. SS Amsterdam in front of Roterdam (1966) lana garai horretako marrazkien adibide argia da. Morleyk berak "superrealismo" hitza asmatu bazuen ere, baztertu egin zen joera horretatik eta teknika gutxiagoko lanak egin zituen, esate baterako The General (1974), zeinetan collage moduan hiru dimentsioko osagaiak erabiltzen dituen. 1969-1970 bitartean argazkiak erabili zituen. Lan horietan argi eta garbi utzi nahi du erabiltzen duen iturria artifiziala dela guztiz, eta horretarako laukiaren inguruko zerrenda zuria mantentzen du. 1965-1966 bitartean Ohioko Unibertsitateko irakasle izan zen; orobat izan zen irakasle New Yorkeko School of Visual Arts-en.