Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Montoliú, Tete

(Jaiotza izena, Vicente Montoliú i Massana). Katalan jazz pianista (Bartzelona, 1933 - Bartzelona, 1997). Aita musikaria zuen. 1946. urtean Bartzelonako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartu zen. Han pianoa, harmonia eta konposizioa ikasi zuen. Ikusmen arazoak zituen, eta amak piano karrera egiteko behar zuen material guztia Braille sistemara itzultzea lortu zuen. Jazz-aren munduan 1955ean hasi zen, Lionel Hamptonekin batera, eta bira bat egin zuen Frantzian eta beste hainbat herrialdetan barrena. 1963an bira bat hasi zuen Europan eta garai hartako jazz musikagile nagusiak ezagutu zituen. 1967an, Europan ospea lortu ondoren, New Yorken hainbat kontzertu eman zituen. Herrialde hartan lortu zuen arrakasta horrenbestekoa izan zen, ezen hamabost eguneko bisitaldia bi hilabetera luzatu baitzuen. Berrogei diskotik gora grabatu zituen; horien artean nagusiak dira Five at the keystone corner (1979), Catalonian nights (1981), Boston concert (1982) eta The music I like to play (1989). Sant Jordi Gurutzea, Bartzelonako Hiriko saria eta Bartzelonako Urrezko Domina eman zizkioten.