Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Montherlant, Henri Millon de

Frantses idazlea (Paris, 1892 - Paris, 1972). Aristokraziako familia katoliko batean jaio zen. Lehen Mundu Gerran parte hartu ondoren, Espainian, Afrikan eta Italian izan zen. Montherlant-en lanean nabarmenak dira iragandako urteen nostalgia eta munduaren ikuspegi heroikoa eta indibidualista. Barrès-en ikasle eta Nietzscheren jarraitzaile izan zen. 1920an idatzi zuen lehen eleberria La relève du matin (Goizeko erreleboa), Barrès-en eragin nabarmena duena. Geroago idatzi zituen eleberri aipagarrienak: Le songe (1922, Ametsa), Les bestiaires (1926, Bestiarioak), Les célibataires (1934, Ezkongabeak), Les jeunes filles (1936-1939, Neska gazteak). 1941ean argitaratu zuen Solstice de juin eleberriaren ondorioz, arazoak izan zituen bai alemaniarrekin eta baita erresistentziarekin ere. Ondorengo urteetan antzerki lanak idatzi zituen, La Maître de Santiago (1947), Port-Royal (1954) eta Le cardinal d’Espagne (1960), besteak beste. Antzerki lan horien ondoren atzera eleberriak idatzi zituen berriro, Le chaos et la nuit (1963, Kaosa eta gaua) bere eleberririk hoberena tarteko.