Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moličre

(Jaiotza izenez, Jean-Baptiste Poquellin). Frantses antzerkigilea (Paris, 1622 - Paris, 1673). Familia aberats batean jaio zen. Filosofia eta zuzenbide ikasketak egiten hasi zen, baina haiek bertan behera utzi eta Béjart familiaren komikoen konpainian sartu zen. Handik gutxira konpainiaren zuzendari izan zen eta Illustre Théâtre taldea sortu zuen. 1643an, Parisen hartu zuen egoitza, baina ez zuen arrakastarik izan eta oso egoera larria bizi izan zuen. 1647an Paris utzi eta Frantzian zehar ibili zen, hamaika urtez. Ondoren arrakasta handia lortu zuen Parisen, erregearen aurrean, Les précieuses ridicules (1659) lanarekin. Hurrengo hamabost urteetan heldutasun eta maila handia iritsi zuen zuzendari, antzezle eta orobat idazle gisa. Garai horretakoak dira bere lan hoberenak: L’école des femmes (1662, Emazteen eskola), Tartuffe (1664) Panulphe ou l’Imposteur (1669), Don Juan ou le festin de pierre (1665, Don Juan edo harri oturuntza), Le misanthrope (1666), Le médecin malgré lui (1666, Gogoz kontra mediku), L’avare (1668, Zikoitza), Le bourgeois gentilhomme (1670), Les femmes savantes (1672) eta Le malade imaginaire (1673, Ustezko gaixoa). Frantziako tragedian agertzen den hizkuntzarekin kontrajarriz, Moličreren komedietan, prosan idatzitakoetan batez ere, adierazpidearen naturaltasun handia ikusten da. Italiako commedia dell’arte izenekoaren eraginez, akrobaziak eta mimikak ematen dituzten aukera guztiak erabili zituen antzerkian.