Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moctezuma IIa

Azteken erregea 1502tik 1520 arte (1466 - 1520). Moctezumak gaur egun Honduras eta Nikaragua estatuak diren lurraldetaraino hedatu zuen azteken inperioa. Hala ere, inperioak ez zuen sendotasun handirik izan. Moctezuma oso gogorra izan zen mendean hartu zituen herriekin. Horrenbestez, etsai asko izan zituen, eta egoera horrek lurraldearen konkista erraztu zien espainiarrei. Hernan Cortés Mexikora heldu zenean, Quetzalcoatl jainkoak aginpidea kentzeko bidalia zela uste izan zuen Moctezumak. Hala, ordezkariak bidali zituen Cortés-ekin nolabaiteko akordioa lortzeko hizketatzera, baina honek ez zuen horrelakorik onartu eta Tenochtilan-en sartu zenean preso hartu zuen erregea (1519). Cortés Moctezumaz baliatu zen eta, espainiar berri emaileen arabera, indiarrek harrika hartu eta hil egin zuten beren erregea.