Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mingote, Antonio

Espainiar idazle, marrazkilari eta umorista (Sitges, Bartzelona, 1919). Eleberriak –Las palmeras de cartón (1948), Los revólveres hablan de sus cosas (1953), Adelita en su desván (1991)–, ipuinak eta antzerki lanen bat edo beste –El oso y el madrileño (1973)– idatzi ditu, baina umorezko marrazkilari gisa egindako lan handiagatik da ezaguna eta ospetsua. Kazeta eta egunkari askorentzat egin du lan –La Codorniz eta ABC, besteak beste–, eta dibulgazio historiko-umoristikoko liburu asko argitaratu ditu: Historia de la gente (1955); Historia de Madrid (1961); Historia del traje (1963); 5 años de Madrid (1978); El mus: historia, reglamento, técnica, vocabulario (1980); Mingoterapia (1994); Pierna creciente, falda menguante… Gainera, antzerkirako eszenografiak eta jantzietarako ereduak egin ditu, margolanak, eraikuntzatarako horma irudiak, zinema eta telebistarako gidoiak, eta abar. Mingoteren estilo grafiko literarioan sotiltasuna eta ironia nabarmentzen dira. Bere marrazki lerro azkar zehatzekoen bidez, maisu da nortasuna eta ideologia deskribatzen.