Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Milhaud, Darius

Frantses musikagilea (Aix-en-Provence, 1892 - Geneva, 1974). XX. mendeko frantses musikagile aipagarrienetako bat da, “Seiak” izeneko frantses musikagile gazteen taldekoa. Politonalitatea landu zuelako da batez ere ezaguna; bestalde, Brasilgo musikaren eta jazz-aren elementuak bateratu ditu bere obran. Parisko kontserbatorioan egin zituen ikasketak Paul Dukas eta Vincent d’Indy-rekin. 1940. urtean Oakland-eko Mills Collegeko irakaslea izan zen eta 1947tik aurrera Parisko kontserbatoriokoa. Laurehun lan baino gehiago utzi zituen, irratirako eta filmetarako idatzi zituenak barne. Lan nagusiak ditu: Les malheurs d’ Orphée (1924, Orfeoren zoritxarra), Le pauvre matelot (1926, Marinel gizarajoa, Cocteauren libretoa), Christophe Colomb (1928, Claudelen libretoa) eta Bolívar (1935-36) operak; pianorako Saudades do Brazil (1920-21), Estudioak (1923) eta Automne (1932,Udazkena); orkestrarako sonata eta sinfonia ugari idatzi zituen. Ballet aipagarria du La création du monde (1923, Munduaren sorkuntza). Azken lanak: Bakea lurrean (1963) oratorioa, San Luis Frantziako Errege (1970) eta Egiptoko momiak (1972).