Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Milanés, Pablo

Kubatar abeslaria (Bayamo, 1943). Nueva trova cubana izenez ezagutzen den musika higikundearen sortzailea, eta Latinoamerikako kantagintzaren abeslari aipagarrienetako bat, mundu osoko kritikaren onespena jaso duena. Hamasei urte zituela El Cuarteto del Rey taldean sartu zen, musika espirituala eta bluesa jotzen. 1962an Los Bucaneros taldean sartu zen, eta 1965ean, Mis 22 años obrarekin, oraindik ere indarrean dagoen musika estilo berri bat bultzatu zuen. Lau urte geroago, beste bide bati ekin zion musika esperimentaleko ICAIC (Instituto Cubano de Artes y de la Industria Cinematográfica) taldearekin. Musika ikasketak egin zituen –konposizioa, harmonia, kontrapuntua, orkestrazioa–, Leo Brouwer, Federico Smith eta Juan Elosegui maisuekin. Gainera, film luzeetarako, dokumentaletarako eta telebista sailetarako musika idatzi izan du. Guztira 30 bat disko argitaratu ditu Amerikan eta Europan: La vida no vale nada (1976, Bizitzak ez du deus balio); Aniversarios (1979, Urteurrenak); A los poetas cubanos (1983, Kubatar poetei); El pregón de las flores (1983, Loreen aldarria).