Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metiliko, alkohol

iz. Kim. Alkohol monohidroxilikoa (CH3OH). Isurkaria da eta 64 °C-tan irakiten du. Sukoia eta pozoitsua da, eta itsutasuna sortzen dio edaten duenari. IUPAC erakundearen arauen arabera izena metanol du. Egurraren lignina osatzen duten fenolen eter eran konbinatuta ageri da izadian. Ester eran klorofilan, pektinetan eta alkaloide batzuetan ere ageri da. Garai batean zuraren destilazio lehorraren bidez lortzen zen. Horrela aurkitu zuen lehen aldiz Boyle-k 1661ean. Hori zela eta, zur alkohola ere deitu izan da. Gaur egun bi metodo desberdinez prestatzen da: hidrogenoaren eta karbono monoxidoaren edo karbono dioxidoaren erreakzio katalitikoz, edo metanoaren edo beste hidrokarburo batzuen oxidazio katalitikoz. Sintesi organikoaren bidez formaldehidoa, lurrinak, koloregaiak etab. prestatzeko, autoetan uraren izoztea galarazteko, berniza, laka, erretxina etab. urtzeko, metalak garbitzeko etab. erabiltzen da.