Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mesplé, Mady

Frantses opera abeslaria, sopranoa (Okzitaniako Tolosa, 1931). Pianoa eta kantua Tolosan ikasi zituen, eta ahotsa Jeanine Micheau-rekin trebatu zuen Parisen. Debuta Liejako Operan egin zuen, 1953an, Lakmé lanean. 1956an Parisko Opera Komikoan sartu zen eta han paper handiak egin zituen: Rigoletto (Verdi), Hoffmann-en ipuinak (Offenbach), Sevillako bizargina (Rossini), Lucia di Lammermoor (Donizetti) eta Txirula miragarria (Mozart). Opera horiek eragin nabarmena izan bazuten ere Mady Mespléren karreran, gaur egungo musikak asko erakartzen du. Harentzat idatzi zuen Charles Chaynes-ek Quatre Poèmes de Sappho eta Betsy Jolas, Quatuor II. 1963an Gian Carlo Menotti-ren Azken basatia sortu zuen, eta 1965ean Hans Werner Henze-ren Maitale gazteentzako Elegia lanaren frantsesezko bertsioa. Pierre Boulez-en zuzendaritzapean Arnold Schönberg-en Jakoben Eskala kantatu zuen Londresen, eta Maurice Ravel-en Haurra eta Sorginkeriak. 1985-1990 bitartean irakasle izan zen Parisko Eskola Normalean eta ondoren Bordeleko Kontserbatorio Nazionalean.