Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Meri, Lennart

Estoniar idazle, zinemagile eta politikaria (Tallinn, 1929). Gaztaroa herrialdetik kanpo igaro zuen. Aita, Georg Meri, Estoniak Estatu Batuetan izan zuen lehenengo enbaxadorea izan zen, 1940an. Sobietar Batasuneko gudarosteak, Estonian sartu zenean, Tallinn hartu zuen familiak Estatu Batuetara joaterik izan baino lehen, eta Lennart Siberian erbesteraturik bizitzera behartu zuten, 1941etik 1946ra, aitak kondena betetzen zuen bitartean. Historia ikasketak egin zituen Tartu-ko Unibertsitate Estatalean, eta idazle eta zinemagile gisa hasi zen lanean. Aurrerago, Estoniako zinemagintza konpainia estatalaren zuzendari eta estoniar idazle sindikatuaren idazkari izatera iritsi zen, Estoniako Herri Frontea alderdiaren sortzaileetako bat izateaz gainera. 1990ean Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuten, eta bi urte geroago, enbaxadore Finlandian. Estonia Sobietar Batasunetik bereizi ondoren (1991), Errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1996ko irailean, berriro hautatu zuten lehendakari, beste bost urteko agintaldirako.