Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mendigoizale 2

iz. Euskal Alderdi Jeltzalearen mendizale talde bateko kidea. Kirikiño idazleak asmatu zuen neologismoa (mendigoxale), eta Sabino Aranaren ondoko buruzagi nazionalistek erabili zuten Euskal Herriko independentziaren aldeko gazte sabindar suharrak izendatzeko. 1908an sortu zen Bilbon Mendigoxale Bazkuna taldea, Juventud Vasca izeneko erakundeak bultzatuta, eta 1913an egituratu zen Mendigoxale Aberri elkartea, erakunde berak bultzatuta. 1920. urtetik aurrera zabaldu zen mendigoizaleen mugimendua Bizkaia, Araba eta Gipuzkoara; 1923an, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mendigoizaleen Federakuntza sortu zituen Elias Gallastegik. Urte hartan Primo de Riveraren diktadurak euskal nazionalismoa legez kanpo ezarri zuen, eta isilpean jokatu behar izan zuten handik aurrera. Urte haietan gogortu egin zen mendigoizale askoren politika jarrera, Sinn Fein erakunde irlandarraren ildotik. 1930ean eratu zituen ANV-EAE alderdi berriak bere mendigoizale elkarteak eta 1931n, Errepublika etortzearekin batean, guztiz zabaldu zen mendigoizale mugimendua Hego Euskal Herriko bazter guztietara; 1932ko hasieran sortu zen Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako federazioak bilduko zituen Euzkadi Mendigoxale Batza erakundea, Euzko Alderdi Jeltzaleari lotua baina antolamenduz autonomoa. 1932ko irailean agertu zen Jagi-Jagi Bizkaiko Mendigoxale Batzaren astekaria, eta estatutuaren eztabaidaren aurrean Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu zuten mendigoizaleek, Eli Gallastegi buru zela. 1933an agertu ziren lehen mendigoizale talde armatuak eta 1934an Jagi-Jagi eta Bizkaiko Mendigoxale Batza Euzko Alderdi Jeltzaletik bereizi zen. 1936ko gerran, mendigoizaleek osatu zuten Euzko Gudarostearen oinarria eta bi batailoi eratu zituen Euzkadi Mendigoxale Batzak, Jagi-Jagi-ko buruzagiek neutraltasunaren alde eginiko deiak hutsean geratu ondoren. Gerra garaian, independentziaren aldeko ekimenean jarraitu zuen Euzkadi Mendigoxale Batzak eta guztiz areagotu zen haien joera antikapitalista, aberriari loturiko sozialismo utopiko bat aldarrikatzen zutela. Erbestean, Euzko Alderdi Jeltzale eta Euzko Jaurlaritzatik bereiz iraun zuen beti Euzkadi Mendigoxale Batzak, Cándido Agirre buru zela, eta independentziaren aldeko nazio frontearen aldeko deiak egin zituen etengabe.