Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Melville, Herman

Estatu Batuetako eleberrigilea (New York, 1819 - New York, 1891). 1841ean, Hegoaldeko Itsasoetan barrena ibili zen balea harraparien itsasontzi batean. Markesa uharteetan ontzitik ihes egin eta lau urtez egon zen Taipin, hango biztanleekin bizitzen. Ondoren, New Yorkera itzuli eta bere abenturak idazten hasi zen. Garai hartakoak dira; Typee (1846), Omoo (1847), Mardi (1849), Redburn (1849) eta White jacket (1850, Jaka zuria). 1850ean, N. Hawthorne ezagutu zuen eta eragin handia izan zuen Melvilleren idazkeran. Orduan hasi zen bidaia alegoria modura azaltzen, eta itxuren eta errealitatearen arteko loturak aztertzen. 1851n, Moby Dick, haren eleberri nagusia, argitaratu zuen. Eleberriak ez zuen batere arrakastarik izan, garai hartako gizarteak eta kritikak ez baitzuten ulertu. Melvilleren hurrengo eleberriak ere, Pierre or the ambiguities (1852), ez zuen harrera onik izan. Melvillek ordea idazten jarraitu zuen: The piazza tales (1856) ipuin liburua; Bartleby the scrivener (1853, Bartleby izkribatzailea, Juan Garziak euskaratua), Benito Cereno (1855), Israel Potter (1855) eta Billy Budd sailor (1924, Billy Budd mariñela), hil ondoren argitaratua. Melville baztertua eta pobrezian hil zen. Urte askotan ahaztua egon zen, baina 1920 inguruan berraurkitu zen bere obra; haren eleberriak maisu lantzat hartzen dira gaur egun. Eragin handia izan du XX. mendeko eleberrigintzan.