Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Medvedev, Zhores

Errusiar biologoa, Roy Alexandrovitx soziologo ospetsuaren anaia bikia. Medikuntza ikasketak egin zituen, eta genetika eta gerontologia alorrak sakondu zituen gero. 1970ean, Eromen kontu bat obraren erredakziorako informazio bilketa egiten ari zela, Kalugako erietxe psikiatriko batean sar zezatela lortu zuen, indarrean zegoen erregimen politikoko disidenteei ematen zitzaien tratua bertatik bertara ezagutu ahal izateko. 1973an Britainia Handira erbesteratu zen, eta 1979an, bere herritartasunari uko eginda, “aberrigabe” bihurtu zen. Geroago, baina, britainiar herritartasuna eskatu zuen, eta onartu zioten. Lan nagusiak, gorago aipatutakoaz gainera: Garapen molekular genetikoaren mekanismoak (1968), T. D. Lisenko-ren goraldia eta erorikoa (1969), Hamar urte geroago (1973), Sobietar zientziak (1978), Uraletako hondamendi nuklearra (1979), azken bi sobietar buruzagien biografiak, Andropov (1983), Gorbatxov (1986), eta Txernobil-eko ondarea (1990), 1986ko apirilean Ukrainako hiri horretan gertatutako hondamendi nuklearraren inguruko kezkei buruzkoa.