Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Medici

Florentzian XV. mendetik 1737 arte aginpidean egon zen Italiako familia. Oso aberats egin ziren merkatari eta bankari lanen bidez, eta ezkontza bitartez Europako familia nagusietako kide egin ziren; Medicitarrak izan ziren hiru aita santu (Leon X.a, Klemente VII.a eta Leon IX.a) eta Frantziako bi erregina (Katalina eta Maria). 1532 arte Florentziako demokraziari eutsi bazioten ere, Medicitarrek kontrolatzen zuten gobernua, nahiz eta kargu ofizialik izan ez. Florentziatik erbesteratu behar izan zuten 1433-34, 1494-1512 eta 1527-30 urteetan. Babes handia eman zieten artistei, eta era horretan Florentzia Europako kultura zentro egin zuten.  v  Lorenzo Medicikoa. Florentziako politikaria eta olerkaria (Florentzia, 1449 - Careggi, 1491). Irakasle ezagunak izan zituen, Landino, Marsilio Fincino, etab. 1469an gobernuburu izan zen. Izen handia lortu zuen arte eta politika alorretan. Artista eta idazle asko izan zituen babespean. Lan nagusiak: Canzoniere, Selve d’amore (Maitasunezko ohianak), Amori di Venere e di Marte (Venusen eta Marteren maitasunak), I beodi (Mozkorrak).  v  Cosimo Medicikoa. Florentziako estatu gizona, Zaharra ezizenaz ezaguna (Florentzia, 1389 - Careggi, 1464). Florentziako herri alderdiaren buru izan zen. Bakean oinarritu zuen aginpidea, eta merkataritza, arteak eta zientziak babestu zituen. Haren aginduz eraikuntza eder asko egin ziren Florentzian, Brunelleschi, Michelozzo eta Donatelloren eskutik, besteak beste. Bere garaiko humanista garrantzizkoenak izan zituen babespean.  v  Cosimo Medicikoa. Toscanako lehen Duke Handia (Florentzia, 1519 - Villa di Castello, 1574). Pio V.ak jarri zuen aginpidean 1570an. Frantziaren aldekoak garaitu zituen eta Siena konkistatu zuen. Arteak eta letrak bultzatu zituen.  v  Catalina Medicikoa. ik. Katalina.  v  Maria Medicikoa. ik. Maria.