Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mayne, Thomas

Estatubatuar arkitektoa (1944). Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean egin zituen arkitekturako ikasketak, eta 1968an graduatu zen. Ondoren Harvardeko Unibertsitatera aldatu zen, ikasketak osatzera. 1987. urtean Erromako Saria lortu zuen, eta hiri hartako Amerikar Akademian sartu zen sariari esker. Hainbat unibertsitatetan izan da irakasle, adibidez Ohion (1982), St. Louis eta Texaskoetan (1984), UCLAn (1986), Harvarden (1988), Cincinnatin (1990) eta Yalen (1991). Morphosis arkitekto taldearen burua da. Talde horren jardueran higikunde modernoaren, eta, bereziki, Le Corbusierren eragina nabarmentzen da. Orokortasuna azpimarratzen dute, eta espazioa nagusitzen zaio lekuari. Maynek eta, beraz, taldeak proposatzen duen arkitekturan ordenaziorako baliabide bat da geometria, eta tradizioz onartu ohi diren tipologiak baztertzen dituzte. Taldearen lanak abstraktuak dira, bete-betean, eta horrenbestez, ez dute beste inongo arkitekto edo mugimendurekin loturarik. Azpimarratzekoak dira Mayneren obren artean familia bakarrerako etxebizitzak, adibidez, Kaliforniako Lawrence etxea (1981), Beverly Hillseko Was etxea (Kalifornia, 1988), Montecitoko Crawford egoitza (Kalifornia, 1987-1992) edo Santa Barbarako Blades egoitza (Kalifornia, 1992). Aipagarriak dira, orobat, ondoko proiektu hauek: Los Angelesko Artspark antzokia (1989) eta 8201 eraikina (1991), eta Chibako Chiba proiektua, Japonian (1991), zeinetan ikertu baitzuen izadiaren eta arkitektura gertaeraren arteko harremana.