Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mastroianni, Umberto

Italiar eskultorea (Fontana Liri, 1910 - San Marino, 1998). Artisten familia batean sortu zen eta horri esker oso gaztetatik jardun ahal izan zen eskulturagintzan. 1926. urtean Turina aldatu zen, eta han hasi zen artea lantzen. 1935ean italiar eskulturari buruzko erakusketa batean parte hartu zuen Berlin, Viena eta Budapesten, eta 1940an Veneziako Bi Urtekoan parte hartu zuen. Bigarren Mundu Gerrako italiar erresistentziaren miresle gisa nabarmendu zen berehala, eta hori izan zen bere obran agertzen den gai nagusietako bat. Hain zuzen ere, 1945ean sari nazional bat lortu zuen Partisanoen monumentua lanarekin, eta haren ondoren gai horri berari buruzko eskulturez osaturiko sail bat osatu zuen; besteak beste, Turin, Cuneo, Frosinone eta Urbinoko monumentuek osatzen dute sail hori. 1957. urtean Boloniako Arte Ederretako Akademiako eskultura irakasle izendatu zuten. 1975ean erakusketa zabal bat antolatu zuen Parisen, Mugimenduak, formak eta proposamenak izenburupean. 1987. urtean hogeita zazpi eskultura eman zizkion Italiari, eta Erromako Arte Modernoko Museoak berari eskainitako areto batean daude ikusgai. Bere azken lan handia 1994. urtean amaitu zuen, eta Turingo Regio antzokian jarri zen ikusgai.