Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Masó, Pedro

Espainiar zinema zuzendaria (Madril, 1927). Antzezle izatea zuen hasierako asmoa, baina zinemaren inguruko beste hainbat lanetan ere jardun du: makilladore, produkzio laguntzaile, produkzio zuzendari eta gidoigile izan da, besteak beste. Zuzendari askorentzat idatzi izan ditu gidoiak, eta berak idatziak dira bere filmetakoak ere. Ekoizle gisa Pedro Masó P.C.S.A. ekoiztetxean egindako lanari esker nabarmendu da; hark finantzatzen ditu bai Masóren beraren filmak eta baita beste zuzendari batzuenak ere. Zuzendaritzari dagokionez, Masóren filmak komertzialak dira, eta kontsumoaren gizarteak liluratutako gizarte batean gertatutako aldaketak agertzen dituzte oro har. Dena dela, telebista sailen alorrean egin ditu lan biribilenak, adibidez Anillos de oro (1983), Segunda enseñanza (1985) eta Brigada Central (1989). Film aipagarrienak: La gran familia, La familia y uno más eta La familia bien, gracias (1979) trilogia, Las adolescentes (1975), La menor (1976), El divorcio que viene (1980) eta Hermana, ¿pero qué has hecho? (1994).