Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martí, José Julián

Kubatar idazlea (La Habana, 1853 - Boca de Dos Rios, 1895). Oso gazterik hasi zen Kubaren burujabetasunaren alde borrokan. Espetxeratu eta 1868an Espainiara bidali zuten atzerriratua. Madrilen zuzenbide ikasketak egin zituen. 1875ean Mexikora joan zen, eta Amor con amor se paga bertsoz egindako lana antzeztu zuen. 1878an Kubara itzuli zen, baina handik urtebetera berriro atxilotu, eta atzera atzerrira bidali zuten. Handik 1891. urtea arte Estatu Batuetan, Espainian eta Hego Amerikako herri batzuetan ibili zen armada iraultzaile bat osatzeko dirua biltzen, eta bere ideiak zabaltzen. Kubako Alderdi Iraultzailearen oinarriak idatzi zituen Máximo Gómez-ekin batera. 1885ean, Amistad funesta eleberri modernista idatzi zuen. 1891n Versos Sencillos argitaratu zuen, bere poema libururik landuena. 1891n, beste lan guztiak utzirik, Kubako Iraultzaren alde jarri zen lanean. Handik urte betera Alderdi Iraultzaileko lehendakari (edo delegatu) hautatu zuten eta Gómezekin izenpetu zuen Monte Cristoko aldarrikapena. Orduan, Kubara itzuli eta armen bidez Kubaren askatasunaren alde aritu zen borrokan, 1895ean guduan hil zen arte. Azken hiru hilabetetan egunkari bat idatzi zuen, Diario de campaña. Politikan, ideia demokratikoak eta arrazakeriaren kontrakoak azaldu zituen; bestalde, Martí izan zen Hego Amerikako herrien batasunaren aldeko aldarrikapenak egin zituen lehen pentsalarietako bat, Espainiako eta Estatu Batuetako inperialismoaren kontra. Literaturgintzari dagokionez, modernismoaren aitzindarietako bat izan zen, eta bere poesiak Walt Wihtman-en eragina duela esan daiteke. Martírenak dira, halaber: El presidio en Cuba (1871), La república española ante la revolución cubana (1873), eta Las reformas (1873) saioak. Herriko heroitzat hartzen dute gaur egungo Kuban.