Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marshall, David Saul

Singapurko abokatu, politiko eta diplomatikoa (Singapur, 1908 - 1995). Familia judu batean sortu zen. Saltzaile gisa eta ontziola bateko langile gisa lanean aritu ondoren, Londresa aldatu zen zuzenbideko ikasketak egitera; harrezkero, Britainia Handian lan egin zuen 1937. urtea arte, eta bere sorterrian 1938tik aurrera. Japoniarrek Singapur eraso zutenean gerrako preso hartu zuten (1942), eta 1946. urtean Singapurra itzuli zenean berriro hasi zen zuzenbidean lanean. Abokatu gisa lanean ari zela hasi zen politika gaiez kezkatzen, eta joera progresista moderatuaren baitan jardun izan du politikagintzan. Singapurko Langileen Frontearen garaipena bideratu zuen 1955. urteko hauteskundeetan, eta hauteskunde haien ondoren Lehen Ministro izendatu zuten. Baina Singapur Erresuma Batuarengandik askatzeko elkarrizketetan ez zuen emaitza onik lortu, eta gizartean haserrea piztu zelarik, bertan behera utzi behar izan zuen kargu hura, handik urtebetera; oposizioan egon zen denboran ez zuen garrantzizko beste lanik egin. 1978an Parisa joan zen enbaxadore, eta 1993. urtean sorterrira itzuli zenez gero heriotza zigorraren kontrako lanean eta beste zenbait gai humanitarioren ingurukoetan nabarmendu da.